LURRALDEAK

Cabo Delgado
Mozambique

Laburpena

Mozambiken, zehazki herrialdearen iparraldean, Cabo Delgado probintzian, tokiko komunitateen beharrak kontuan hartzen ez dituzten aldaketa ekonomiko eta sozial handiak gertatzen ari dira, eta ondorio kaltegarriak eragiten ari dira bai pertsonengan bai natura-ingurunean.

Hainbat enpresa transnazionalek gas-hobiak ustiatzeko proiektuak dituzte abian probintziaren iparraldean, Rovuma ibaiaren arroan, Tanzaniarekiko mugaren ondoan, bai eta baliabide mineralak (errubiak, urrea, grafitoa, etab.) ustiatzeko proiektuak ere probintziako beste barruti batzuetan. Proiektu horiek berekin ekarri dute komunitateek bizitzeko behar dituzten natura-baliabideak gutxitzea, eta komunitate horiek handik beste toki batzuetara desplazatu behar izatea; tokiko agintariak, berriz, haien jabetzak eskuratzen ari dira, eta atzerriko inbertitzaileentzako erreserbatutako eremuak ezartzen.

Natura-baliabideak ustiatzeko ekonomia berriak erabat baldintzatu duen testuinguru berri horren ondorioz, badirudi bigarren mailan geratu direla aurreko hamarkadetan garapenerako abian jarri ziren estrategiak eta ekimenak. Azken batean, ekonomia berri horrek lurraldearen etorkizunari buruzko zalantzak eta ziurgabetasunak sortu ditu.

Oraindik orain egin diren zenbait azterlanek (Bidaurratzaga eta Alberdi, 2014; Augé, 2014; Salomão, 2015; Cruz e Silva, Mendes de Araújo, Neves de Souto, 2015) jada zalantzan jarri dute megaproiektu horien onura ekonomikoak eta sozialak Cabo Delgadoko herritarrengana iritsiko ote diren.

Nabarmenak dira desegituraketa soziala, desberdintasunen areagotzea eta eremu horietan bizi diren nekazarien eta arrantzaleen bizi-baldintzen kaskartzea. Lurra izateko zailtasunak, lurraren erabilerarako zein ustiapenerako eskubidea bermatzeko zailtasunak, eta gero eta itsas eremu gehiago babesteak edo ustiaketa-jardueretarako bakarrik erreserbatzeak ondorio kaltegarriak eragiten ari dira: nekazari eta arrantzaleen desplazamenduak eta birkokatzeak gertatzen ari dira, eta bizirik irauteko eta beren bizimodu nahiz nortasunean oinarrizkoak diren ondasun naturalen gaineko kontrola galtzen ari dira gehienak.

Pobrezia-tasa handia da, alfabetatze-tasa txikia, eskulan kualifikatu gutxi dago, gobernuan dagoen alderdiko kide batzuk eta erretiroa hartutako jeneral batzuk meatzaritzarako enpresa pribatuak sortzen ari dira, natura-baliabideen kudeaketa interbentzionista da baina oraindik gaizki antolatuta dago, kapital-irabazien gaineko zergaren kudeaketa kaotikoa da, agentzia emaileen laguntza kontraesankorra da eta oposizio-taldeak oraindik ahulak dira (Augé, 2014). Finean, egoera ez da batere egokia lurralde honetan bizitzeko aukerak sortzeko.

Kasuaren Azterketa

Kasu honen erredakzio lana egiteko, diziplina anitzeko talde batek parte hartu zuen eta ekarpen ugari bildu eta editatu ziren. Helburu nagusiak izan ziren, lehenik eta behin, lurraldearen testuinguru argi eta osatu bat ezartzea, eta herrialde, eskualde eta munduarekiko egoera zehaztea. Bigarren helburua proiektua eta jarduerak garatu bitartean bildutako ebidentzia enpirikoak aztertu eta sistematizatzea izan zen. Horrela, lurraldeari, gatazkei eta sortutako aukerei buruzko eztabaidei ekarpen zehatz batzuk egiteko aukera izan genuen. Hirugarren eta azken helburua zera izan zen: prozesutik ondorioak ateratzea eta etorkizunerako gomendioak egitea.

Azterketa Cabo Delgado eremuan egiteko, zehazki, lau dimentsio hartu genituen oinarri: Lurra eskuratzeko aukera; genero-desberdintasunak; ingurumen arloko iraunkortasuna; kultura eta identitatea.

Jarduerak

1. Fasea

Proiektuaren 1. fasean zenbait arlotan burutu ziren esku-hartze eta ekimenak

(1) Ikerketa eta azterketa -Mozambikeri eta Cabo Delgadori buruzko informazioa biltzea zen ekintza-eremuetako bat, baita egungo gatazkaren eragile diren erauzketa-jarduera nagusiei buruzko informazioa biltzea ere. Egoeraren konplexutasuna ulertzeko beharrezkoa da aztertzea, eta, zentzu horretan, gizarte-zientzialariak eta aktibistak euren errealitatea zalantzan jartzen ari direla ulertzea funtsezkoa izan da esku-hartze aproposak diseinatzeko orduan.

(2) Landa-lana – Egindako ikerketari esker, lurralderako diseinatutako ekimenak neurtu eta egikaritu ahal izan ziren: ezagutzetan sakondu eta ezagutzak partekatzeko eztabaida-tailerrak eta mintegiak antolatu, gatazkak kaltetutako herritarren parte-hartzea sustatu, eta kontaktu-sareak eta elkar babesteko sareak sortu, besteak beste. Horrela, toki-erakundeekin zenbait topaketa eta elkarrizketa egin ziren Pemban, tokiko dozenaka liderren parte-hartzeaz tailer eta mintegiak antolatzeko. Irudi eta testigantzak ere bildu ziren Pemban, Cabo Delgadoren kasuari buruz funtzio hezigarri zein informatiboa izango duen bideoa sortzeko.

(3) Emaitzak zabaltzea  – Hirugarren ekintza-eremua ikerketan eskuratutako emaitzak zabaltzea izan zen; horretarako, zenbait lan aurkeztu ziren nazio mailako zein nazioarteko ekitaldietan, ikerkuntza-bileretan eta berdinen arteko eztabaidetan.

(4) Prestakuntza – Laugarren lan-eremua prestakuntza izan zen; arlo akademikoan, Mozambike eta Portugaleko unibertsitateetako zenbait sailetan mintegiak antolatu ziren, eta, era berean, publiko zabalagoari zuzendutako online gaikuntza-ikastaroa ere diseinatu eta sortu zen.

(5) Eragin politikoa – Bideoa egiteak Cabo Delgadoren kasua jakinarazteko balio ez ezik, bake eta justizia sozialaren aldeko abokatutza-ekintzak babesteko ere balio du.

Lorpen nagusiak

1- Mozambike, Portugal, Euskadi eta Brasilgo aktibista eta intelektualek osatutako ikerkuntza-taldea sortzea.

2- Proiektuaren gai nagusiaren gaineko kasu-azterketa eta bestelako analisi-artikuluak osatzea.

3- Informazio, prestakuntza, elkartruke eta ezagutzen zabalkunderako ekintzak burutzea.

4- Tokiko erresistentzia-sareak indartzea eta alternatibak eraikitzea, bereziki Pemba dagoen Mozambikeko Unibertsitate Katolikoko Gizarte eta Politika Zientzien Fakultateko Etika, Herritartasun eta Garapen Sailak zuzendutakoak.

5- Informazio eta prestakuntzarako materialak sortzea.

Irakaspen nagusiak

1

Cabo Delgadon identifikatutako erronken aurrean, emakume, neska zein gizonek baieztatu zuten, etengabeko biktimizazio iraunkorra gorabehera, tinko jarraitzen dutela bizi-aukerak eraikitzen. Emakumeek azpimarratu zuten beren erresistentzia eta alternatiben gakoa antolakuntzan dagoela, funtsezkoa delako bakarrik eta bananduta ez egotea. Hori da, gizon zein emakumeen hitzetan, gobernuaren eta enpresen banaketa-estrategiei aurre egiteko modurik onena. Hala, gizon zein emakumeek euren lurraren, baliabideen eta bizimoduen alde elkartzeko modu berriak asmatuz egiten dute aurrera. Ezinbestekoa da, beraz, toki, eskualde zein nazio mailako sareek egiten duten lanaren garrantzia ulertzea, horrela antolatu eta indartzen baitira alternatibak eta erresistentzia.

2

Baliabideen ustiapenean bereizgarri den indarkeria gorabehera, desplazamenduak gorabehera, konstituzioan berretsitako giza eskubideen gaineko errespetu eza gorabehera, emakumeen bakardadea gorabehera, emakumeen kontrako indarkeria gorabehera, ustelkeria eta kaltetutakoen bizi-baldintzen okertzea gorabehera… inoiz baino informazio gehiago ezagutu eta partekatzen dute eragileek, eta inoiz baino gehiago eskatzen da gardentasuna, bai kontratuetan, bai horien aplikazioan.

3

Elkarrekiko betebeharrak ezartzen dituzten arrazionaltasun-loturen garrantzia; pertsona bakoitzaren gizatasuna aitortzea guztien gizatasuna aitortuz soilik lortu daitekeela onartzea, eta, hortaz, emantzipazio kolektiborik gabe norbanakoaren emantzipaziorik ez dagoela ulertzea.

4

Desintegrazio handia dago oraindik pertsona zein ekimenek identifikatutako arazoen eta lurraldean abiatzen ari diren erantzunen artean. Indarkeria handia izanik, ezin izan dira baliabideak aurkitu zenbait gairen inguruan antolamendu eraginkor eta eraldatzailea ahalbidetzeko (lurra eskuratzeko aukerari eta emakumeen kontrako indarkeriari dagokionean kasu.

5

Gatazkek kaltetutako pertsonek itxaropena dute herrialdeko Legeak zuzen eta osotasunean ezarriko direla, eta bai Legeak bai Hezkuntzak arazoak errotik eraldatzeko balioko dutela. Bizitzeko eta emantzipatzeko aukerak irudikatzeko orduan, ezinbestekoa da funtzio sozialak eta estatu nazionalaren erregulazioak ere bestelako kezkekin batera kontuan hartzea.

Ekitaldiak

03/12/2021

Online

GATAZKA EGOERAN DAUDEN LURRALDEEN NAZIOARTEKO SAREAREN 4. BILERA

01/11/2021

Caritas Moçambicana, Rua da Resistência, 1175, Malhangalene, Maputo

JARDUNALDIAK: BAKEA ETA ETORKIZUNA ERAIKITZEN MOZAMBIKEN

18/05/2021

Online

CABO DELGADOKO (MOZAMBIKE) GERRAREN ERRETRATUA: AHOTSAK LURRALDETIK

17/05/2021

Santuário de Montepuez (Seminário Propedêutico São Paulo)

ERAUZKETA-INDUSTRIA VERSUS GIZA DUINTASUNA

14/04/2021

0.4 gela (Sarriko / UPV/EHU) eta online

CINE-FORUM "TIERRA EN SUSPENSO”

25/05/2020

Online

WEBinar Irekia, GATAZKA EGOERAN DAUDEN LURRALDEAK: MATXINADA MILITARRA ETA ERRESISTENTZIAK CABO DELGADON

04/12/2019

Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziaren (AECID) egoitza, Madrilen

“Gatazka-egoeran dauden lurraldeak” proiektuaren baitako dokumentalen proiekzioak, AECIDen egoitzan (Madril)

28/11/2019

Maputoko unibertsitateko campus nagusia (UEM)

Cabo Delgado probintziari buruzko kasu-azterketaren emaitza Maputon

06/02/2019

UCM (Pemba)

Mintegia: Giza Garapenari buruzko ikuspegiak, aukerak eta ekimenak Cabo Delgadon