LIBURUA
LIBURUA
XXI.garren mendean ongizatea edo “bizitza ona” ikusteko eta ulertzeko beste modu batzuk zabaldu dira; oso kritikoak edo oso kontrakoak modernizazioarekiko.
Ongizatearen ikuspegi alternatibo-kritiko batek zera eskatzen digu:
• Norbanako eta gizarte bizitzaren dimentsio ezberdinetan, lorpenak lortu nahi izatea;
• eta lorpen hauek lortzea, talde eta pertsonen agentzia librearen emaitza izango da. Norberaren eta kolektiboaren bizitza diseinatzeko eta garatzeko,… baliogarria dena aukeratzeko…, autonomia izatea oso inportantea da.
Zalantzarik gabe, gaitasun enfokeak, ongizatea definitzerakoan, dimentsio normatiboa kontuan izaten du. Beraz, ongziate kontzeptua bera errebisatzeaz gain, ongizatearen beste formulazio bat eskaintzen digu. Proposamen honen originaltasuna da, pertsonen gaitasunak erdian jartzen ditula; merkatutik neurtzen diren baliabide ekonomiak ez dira, derrigorrez,…ongizatea definitzen dutenek.
Ongizatearen gaitasunen enfoke honek, bizitza duin baterako zeintzuk diren beharrezko gaitasunak, bilatzera eramaten gaitu. Zehatzagoak izan behar gara, eta definizio hau ezin da proposamen teknikoetan edo erakunde eta adituen eskuetan utzi. Bizitza duinaren proposamena eta duintasun hau lortzeko gaitasunak, definizio pertsonal eta kolektiboko prozesu baten emaitza izan behar da. Prosezu horretan baliogarria dena, eta nola baliogarria den hori, nola lortzen den, formulatzen da.
Proposamen alternatibo honek, oinarrizko galdera batzuei erantzun behar dizkio:
-Zer da “ondo egotea”? Zein da bizitzea merezi duen bizitza?
-Zeintzuk dira norbanako batek berantzako markatzen dituen helburuak, eta zeintzuk, gizarteak aukeratzen dituenak bere gizarterako?
-Zer da baliotsua gizarte baterako bere ongizatearen definizioan?
Eta baliotsua dena identifikatzeko, deliberamendu kolektiboko prosesu ezberdinak emango dira toki ezberdinetan. Esandako guztiak, ez du esan nahi, bizitza duin baterako, elementu komun eta unibertsal batzuk ez daudenik. Gure proposamena, kurtso honetan, autodefiniziorako prozesu parte hartzaileak azpimarratzea da, baldintzatugabeak, eta kanpoko inposaketa barik. Bakarrik horrela egingo dira proposamen alternatiboak.
Ongizatearen dimentsio sozial hau praktikara eramateko kategoria teoriko batzuk behar ditugu. Ongizate komunaren espazio kolektiboak identifikatzea behar beharrezkoa da. Eta horretarako Gaitasun kolektiboaren enfoke hau lagungarria izan daiteke.
Bi dira jorratuko ditugun kategoria teorikoak: gaitasunen garapena alde batetik, eta gaitasun kolektiboak bestetik.
Gizon eta uniformez betetako munduan, gizonek erabiltzen dituzten uniformeak hankaz gora jartzen dituzten emakumeak izan nahi ditugu protagonista, mundua zein emakumeen gorputza diziplinatu nahi duten uniforme horiek suntsitzen dituzten emakumeak.
Emakume horiek, gure Mozambikeko Errauskine-ak, gai dira kondenatu nahi dituen biktimizazio etengabearen kontra egundoko gauzak egiteko. Hegoalde ez inperialean jaio eta haziak, jazarpen ororen sufrimendu eta erresistentziaren metafora den hegoalde horretan, etengabe aurre egiten diote Gayatri Spivak-en mehatxuari. Izan ere, zertara etorri diren esan nahi dute, eta gai dira horretarako. Haiek bilakatzen dute egunero kondenatzen dituen miseria hori alternatiba zehatz eta bideragarri. Haiek ematen dute beren existentzia suntsitu nahi dituzten horien kontrako borrokan. Haiek ausartzen dira historia beste era batean kontatzera. Haiek tratatzen dituzte errautsak sua balira bezala, eta tratatzen dute esperantza ahizpa balitz bezala. Negar egiten dute, eta ez dute ezarri zitzaizkien tratu txarrekiko amorrua ezkutatzen, baina ez dute etsitzen, ezta inpunitatea onartzen ere. Ez dira orainaldi iheskorrera mugatzen, etorkizunen sortzaile direlako.
Afrikako hego-ekialdea dugu hizpide, Mozambike bustitzen duen Indiako Ozeanoaren kostaldea hain zuzen ere. Handik aztertzen eta borrokatzen ditugu arazoak, eta handik bilatzen ditugu testu honetan ehuntzen diren alternatibak.
Hegoaldeko epistemologiak oinarri hartu, eta munduaren alde honetan eraikitzen ari garen azterketa feministaren menpe jartzen ditugu. Atal hau idazteko, beraz, teoriak eta geure esperientzia enpirikoak hartu ditugu oinarri. Geure buruaren gainean hausnartzen dugu, geure aurrean dagoen mundu arazotsuaren gainean hausnartzen dugu; betiere, modu kritikoan, guztiontzako eraldaketa bidezko eta erreal baterako aukeren aurrean paralizatu eta itsutu gabe. Denbora luzez ikasi izan dugu emantzipazioa logika anitzekoa dela, eta izaki bakoitzak modu polifonikoan pentsatu eta esaten duela, baita bizi ere. Eta horixe bera errepikatzen digute behin eta berriro bidea gurekin egin duten emakume bizi, jakintsu eta borrokalari horiek guztiek, agindu zahar eta berrien objektu izateari gogor egiten diotenek.
Proiektu honetan aztertu diren testuinguruetako genero-ezberdintasunen analisia ezinbesteko elementua izan da hasiera-hasieratik lurralde ezberdinetako gatazkak ezagutzeko, baita horiek ebazten lagundu dezaketen bideak zabaltzeko ere.
Munduko ezberdintasunei buruzko azterlanetan agerian geratzen da, aztertutako lurralde guztietan behinik behin, pertsonen sexuan, arrazan eta klase sozialean oinarritutako diskriminazio eta indarkeria ugarietatik eratorri dela genero-ezberdintasuna bera. Hori bai, diskriminazio horien ezaugarri eta intentsitatea ezberdinak dira testuinguru bakoitzean. Gainera, orain arte aztertu diren munduko ezein herrialdetan ez da harreman bidezkorik antzeman ez ondasunak eskuratzeko aukerari dagokionean, ez horien gaineko kontrolari dagokionean, ez erabakiak hartzeari dagokionean, ezta emakume eta gizonen parte-hartze soziopolitikoari dagokionean ere.
Zentzu horretan, uste dugu ekarpen feministak funtsezkoak direla menperatze-eredu patriarkalean oinarritutako harremanei heltzeko orduan. Azterketan, hortaz, egitura sozioekonomikoetan emakumeei eta gizonei esleitutako rol ezberdinen azterketa izan da abiapuntuetako bat; horiek hertsiki lotuta daude feminitate eta maskulinitatearen eraikuntza sozialarekin, eta baita horietatik eratorritako botere-harremanekin ere. Hierarkizazio horrek baldintzatu egiten du emakumeek eta gizonek beren bizi-zikloan zehar burutzen dituzten jardueren balio soziala, eta emakumeen gaitasun potentzialak femenino gisa sailkatutako jardueretara mugatzen saiatu ohi da. Era berean, jarduera horiek garatzeko espazio jakin batzuk esleitzen zaizkio emakumeari, etxekotasunaren eremu pribatuan; eta gizonei, ordea, eremu publikoa esleitzen zaie, jarduera soziopolitikoekin eta merkataritzarekin lotuta dagoena. Laburbilduz, menperatze-eredu patriarkalari buruzko analisi feministek oso kontuan izaten dituzte jendarte bakoitzean lanaren banaketa sexuala oinarritzen duten genero-arauak.
Gure erresistentziarik nagusiena esanahirik gabeko bizitza irudikatzeko ideiaren aurrean sortzen da. Egiten dugun guztia, edozer dela ere, absurdoa dela, hots, ez duela zentzurik, pentsatzen dugunean, borroka batez ere, eta, bereziki, bizitza praktika emantzipatzaile gisa ulertzeko alternatiben bilaketen aurrean.
Humanitateak eta gizarte zientziak, eta, zehazki, filosofia, botere errepresiboen ondorioz, autonomia pertsonala murriztu eta elkartasun soziala eragozten duen edozein egoeraren aurrean justizia eskatzen duen sentsu markoak eraikitzen dituen ezagutza praktikoa da.
Kapitulu honen abiapuntua gatazka da. Alfonso Duboisen hitzetan, “gatazka ezinbestean presente dago aldaketetara bideratutako gaitasunak garatzeko edozein prozesutan” eta hortik abiatuko gara bake azterketetara eta eredu nagusiaren aurreko proposamen alternatiboetara eta bizitza praktika emantzipatzaile gisa ulertzeko prozesura.
Kapitalismo globalak, botere korporatiboak eta plan «desarrollista» eta «extraktibistek» planteatzen dituzten arazo eta erronken aurrean, lurralde jakin batzuetan aldaketa eragiteko abiatzen dituzten ekintza eta gaitasun politikoen gakoak aztertzen saiatuko gara atal honetan. Botere-modu hegemonikoez gain, lurraldeetan badira gailentzen den garapen-ereduari aurre egiten dioten zenbait praktika demokratiko ere.
Hortaz, praktika demokratiko horietatik ikasten lagunduko diguten analisi-kodeak aztertzea da gakoa; hau da, merkatuaren logikaren aurrean, behar-beharrezkoa da bizimodu alternatiboa eraikitzen duten subjektu politiko indibidual eta kolektiboak sendotzeko gai diren praktika demokratikoetatik ikastea. Zentzu horretan, beldurrari eta agintari ditugun eliteek ezarritako jarraibideei aurre egitera ausartzen diren eta horien aurrean publikoki arrazoitzen duten giza taldeak aztertzea interesatzen zaigu. Lan horretan, ordea, hizpide dugun tokiko esparru komunitarioa kontuan izateaz gain, oso garrantzitsua da beste gobernantza-eskala batzuetan gertatzen diren erabaki eta harreman adierazgarrienak ere bistatik ez galtzea, hala gora begirakoak (estatua, nazioz gaindikoa, mundu mailakoa, korporatiboa…) nola behera begirakoak (familia, etxea, klana…).
Inork ez du zalantzan jartzen gaur egun enpresa transnazionalek duten boterea; izan ere, arlo ekonomikoa gainditu eta arlo kultural, politiko eta juridikoari ere eragiten dio. Multinazionalak, horrela, botere korporatiboaren sarearen erdigune bilakatu dira (tokiko, estatuko zein alde anitzeko erakundeekin batera), alderdi guztietatik indarreko sistema protagonizatzen, defendatzen eta bultzatzen dutelarik. Indarreko sistemak, ordea, une kritikoa bizi du egun, datozen hamarkadetako hazkunde ekonomikoa kolokan dagoelako, klima-aldaketa bertan dugulako, eta energia fosila sortzeko material eta iturri estrategikoak agortzen ari direlako. Hori dela eta, metatze-ziklo berria sustatzeko beharra eta, horretarako, oinarri fisiko nabarmen txikiagoa baliatzeko beharra erronka nagusi eta, aldi berean, paradoxa bilakatzen dira; are gehiago klima eta finantza arloko zaurgarritasuna goraka dagoen testuinguru batean.
Egoera horri aurre egiteko, botere korporatiboak agenda berritu du, kapital-sorkuntza aurrekari historikorik gabeko egoera honetara egokitzeko ahalegin desesperatuan. Transnazionalek, horrela, XXI. mendeko kapitalismo-proiektua sustatzen dute, eskala globalean merkaturatze-eraso latza jaurtiz. Baina, kapitala metatzeko bide egonkor eta gorakorrik topatzen ez bada, nazioarteko merkataritza eta inbertsioan geratzen diren oztopo sektorial, politiko eta geografiko oro suntsitu behar da, haren aldeko merkatu auto-arautu eta ultra-aratua blindatuta. Gero eta argiago ikus daitekeen legez, ez da kontuan hartuko eraso horrek desgobernura, amildegi sozialera eta kolapso ekologikora garamatzan ala ez, nahiz eta planetaren beraren bizia arrisku larrian jarri.