LURRALDEAK

Urdaibai
Euskadi

Laburpena

Joan den mendeko 70 eta 80ko hamarkadan izandako industria-krisiaren ondoren (Gernika-Lumon bereziki), nekazaritza sektorearen atzeraldiaren eta arrantza sektorearen krisiaren ondoren (Bermeon begi bistakoa), UNESCOK ingurumen-gune babestu izendatu zuen Biosfera Erreserba 1984. urtean, horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak Biosfera Erreserbaren Babes eta Lurralde Antolamendu Legea onartu zuen. Ordutik, antolamenduari eta lurralde-garapenari buruzko makina bat plan abiatu dira eskualdean (EKZP 1993 eta 2016, Jarduera Ekonomikoen egokitzapen eta garapenerako egitaraua 1998, Urdaibaiko energia eta ingurumen plana 2003, EJren Garapen plana 2010…). Hala eta guztiz ere, horiek guztiak ez dira gai izan ongizate-estatua bermatzeko eta etorkizunera begira herritarren bizitza jasangarriago egingo duten bideak ahalbidetzeko. Badirudi eskualdea lotegi-hiri bilakatzen ari dela; izan ere, egunero, milaka pertsona beste eskualde batzuetara irteten dira lanera, edo erosteko ahalmen handia duten pertsonen bizitegi-espazioen zerbitzura jartzen dira.

Gainera, desinformazioaren eta Urdaibaiko proiektuaren kontrako informazio zein mezuen ondorioz, bertako herritarrek garapen ekonomikoa eta bertakoen bizi-aukerak oztopatzen dituen elementutzat jotzen dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren ingurumen-babesa.

Baina Gernika inguruan langile klasearen mugimendua, kooperatibak, sorkuntza sozial eta kulturalerako espazioak (Astra kasu) ere antolatzen dira, eta eredu hegemonikoaren aurrean erresistentzia eta alternatibak sortzen dira. Horren adibide argia dira Allende Salazar Herri Ikastetxea eta bere eskola-jantokia; bertan, erabiltzen diren produktuen % 57 Urdaibaitik jasotzen dira eta erosketen % 19 Euskadiko beste eskualde batzuetako hornitzaileen bidez egiten da. Erabiltzen diren produktuen % 70 nekazaritza ekologikotik jasotzen dira.

Testuinguru horretan, hortaz, funtsezkoa da inpaktuen gaineko ezagutza zabaltzea, erresistentzia eta alternatibak identifikatzea eta, arlo ezberdinetan, kontzientzia kritikoa zein ekintza eta esku-hartzea sustatzea.

Busturialdea-Urdaibain garatu diren tailerretan egiaztatu ahal izan da eskualdean badirela ekimen eta proiektu ugari herritarrak kezkatzen dituzten arazo eta erronkei aurre egiteko gai direnak, baita atzeratu ezin diren eskakizunak ebazteko gai direnak ere. Alde batetik, egindako topaketa guztietan, tailer orokorretan zein gazteekin egindako tailer espezifikoetan, egiaztatu ahal izan da, jardun instituzionalak luze jo arren (batez ere diagnostikoak, planak eta eguneroko kudeaketari dagokionean), funtsezko alderdiak ulertzeko ezinbestekoa dela gizarte eragileek esku hartzea, desio ez diren garapen-ereduei erantzuna emate aldera.

Beste aldetik, identifikatutako gabeziekin batera, krisi orokorrean barne har daitezkeen zenbait prozesu berri ere identifikatu dira gizarte, ekonomia zein ingurumen arloetan; izan ere, Urdaibain «lurreratzen» eta inguruaz jabetzen saiatzen ari diren «eragile» edo enpresa handiak agertzea ahalbidetzen ari dira zenbait.

Estudio de caso

Lau hau Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura tokiko erakundeetako hamar pertsona inguruk osatutako lan-taldeak burutu du. Era berean, kolaboratzaileek eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek ere parte hartu dute (UPV/EHU). Ekintza programaren oinarriak honakoak izan dira: eskualdeko eragile edo gizarte mugimenduei dagokien ikerketa bat diseinatzea -ikuspegi metodologikoa-, eta gizarte osoarekin hausnarketa partekatu bat abian jartzea, Urdaibai Biosfera Erreserbaren eta Busturialdeko eskualdearen erronka kultural, sozial, ekonomiko eta politikoak eta gatazka nagusiak aztertuz. Arazo eta erronken hasierako diagnostikoa eginda, elkarte mugimenduan sortu eta lantzen joan diren erresistentzia eta aukerak identifikatu eta behatu dira.

Ikerketa egiteko lau ildo nagusi definitu ziren: Ingurumen iraunkortasuna; lurra eskuratzeko aukera; genero-desberdintasunak; eta kultur nortasuna. Azken atal honetan euskara sartu zen.

Jarduerak

1. Fasea

Proiektuaren 1. fasean, UPV/EHUko zenbait irakaslek, Gernika Gogoratuz elkarteko hainbat kidek eta Urdaibaiko aktibista batzuek osatutako taldeak jarduera eta ekimenak abiatu zituzten zenbait arlotan

(1) Ikerketa eta azterketa  – Informazioa biltzean eta eskualdeko eragileen egungo markoa osatzean zentratu zen ekintza-arloetako bat. Horretaz gain, hausnarketa kolektibo eta partekatua abiatu zen, Urdaibaiko Biosfera Erreserban (Busturialdea, Euskadi) ingurumen, kultura, ekonomia, gizarte eta politika arloetako gatazka eta erronka nagusiak aztertzeko. Inguruan «zubi» rola zuten pertsonekin parte-hartze prozesua abiatu ondoren, arazo eta erronken hasierako diagnosia egin zen, gatazka nagusiak identifikatu eta aztertu ziren, eta lurraldean artikulatzen ari diren diskurtso eta jardunbide alternatiboak aztertu ziren. Abiatutako prozesuaren bidez, eskualdean pentsatzeko eta ekiteko gaitasuna duten eragileek harremanak ehun ditzaten saiakera egin zen, beren kezkak komunean jarri eta interesgarri iruditzen zaizkien ekimenak abia ditzaten.

(2) ) Landa-lana – Ikerketa, ekintza eta parte-hartze prozesu hau artikulatzeko, tailerrak egin ziren hiru momentu zehatzetan. Urdaibaiko eragileen arteko lehendabiziko topagunea artikulatzeko, tailer orokor bat antolatu zen Astran (Gernika-Lumoko kulturarako fabrika sozialean), eta ekimena beste bi tailerren bidez osotu zen: bata Bermeo ingururako espezifikoagoa zena (eskualdeko beste herri nagusia), eta bestea gazteentzako espezifikoa. Topaketa horien helburua bikoitza izan zen: batetik, lurraldeak dituen gatazka eta erronka nagusiak identifikatzea; eta, bestetik, azken urteotan sortzen ari diren prozesu kolektiboak eta alternatibak aztertzea.

Informazioa sistematizatutakoan, parte-hartzaileekin beraiekin alderatu ziren datuak, eta lehenengo fasean proposatutako pertsona zein kolektibo berriak sartu ziren prozesuan. Eta hauek izan ziren helburu nagusiak: Urdaibain aldaketa-prozesuak eragiten ari ziren proposamenak ezagutu eta partekatzea; eta dagoeneko erabilgarri dauden elkarrizketa eta parte-hartze guneak aztertu eta baloratzea, hala eragile sozialekin nola administrazioekin. Azkenik, eta landa-lana bukatutzat jotzeko, arlo akademikoan eta politika publikoen arloan diharduten profil eta ideologia ezberdinetako pertsonekin elkarrizketa-txanda abiatu zen, eskualdearen gaineko ikuspegi ezberdinen artean zubiak eraikitzeko eta, aldi berean, eztabaida-gune berriak sortzeko.

(3) Emaitzak zabaltzea – Informazio osoa txosten batean bildu ondoren, eta Urdaibain aldaketa-prozesua eragiten ari diren ekimen interesgarrienetako batzuk islatzen dituen «Oreka bizian» izeneko dokumentala sortu ondoren, zenbait jarduera antolatu ziren (dokumentala proiektatzeko ekitaldi publikoak; elkarrizketak tokiko komunikabideetan; hitzaldiak eta jakinarazpenak biltzar akademikoetan; aurkezpenak ikastetxeetan…). Horrela, eskuratutako emaitzak itzuli zitzaizkien prozesuan parte hartu zuten pertsonei, eta egindako aurrerapenak jendarte osoarekin partekatu ahal izan ziren.  Sozializazio horren bitartez, «desarrollismo» delakoaren kontrako erresistentzia eta alternatibak bultzatuko dituen fase berria ahalbidetu nahi da, eta, bide horretan, sektore antolatuen, agintaritzen eta toki-administrazioen arteko jarrera komunak lortzeko elkarreragin-guneak aztertuko dira.

(4) Prestakuntza – Gernika Gogoratuz elkartearen, UPV/EHUren eta Urdaibaiko zenbait elkartetako aktibisten ezagutza eta esperientziez baliatuta, idatzizko zein ikus-entzunezko materialak sortu eta bildu ziren. Horrela, materialok zein Gatazka egoeran dauden lurraldeak proiektuaren nazioarteko online ikastaroa webgunean eskaini ziren, sektore ekonomiko eta politiko jakin batzuen asmo «desarrollisten» eta Euskadiko eskualde honetan proiektu alternatibo propioak sortzeko ekimenen arteko tentsioak aztertu ahal izate aldera. Helburu hezigarri eta informatiboez gain, sortze- eta biltze-lan honek tokiko borrokak testuinguru globalarekin lotzeko ere balio du, baita lurraldeak, pertsonak eta alternatibak konektatuko dituzten topagune eta nazioarteko sareak sortzeko ere. Nabarmentzekoa da UPV/EHUren eCampus plataformarekin izandako lankidetza; izan ere, horrek eman du Mozambike, Kolonbia, Portugal eta Espainiako zenbait erakundetan nazioarteko online ikastaroa martxan jartzeko aukera.

(5) Eragin politikoa – «Oreka bizian» dokumentalean eta Urdaibairi buruzko argitalpenetan, nabarmentzekoak dira eredu «desarrollista»-kapitalistaren ekimenei aurre egiten dioten alternatibak. Aipatzekoak dira, hortaz, gazteek zenbait proiektutan duten parte-hartzea (Astra, Lobak, Arkibai, Lekuek…), baserritarrak eta hezkuntza-komunitatea harremanetan jartzen dituzten jantoki kolektibo jasangarriak (Jangurie kasu, zeinek nekazaritzako industrien zein catering konpainia handien loteen alternatiba eskaintzen duen), edo Kolore guztietako basoak gisako herri-ekimenak, balioz hornitutako esperientzietan oinarrituta baso-politiken alternatiba jasangarriak planteatzen dituzten herri-ekimenak, alegia. Aipatutako materialak hainbat forotan aurkeztu eta erabiltzen ari dira dagoeneko (Urdaibairi buruzko Nazioarteko I. Kongresua, kolektiboentzako aurkezpenak, prestakuntza-jarduerak ikastetxeetan Justicia Alimentaria elkartearekin lankidetzan…), gure inguruan hobeto bizitzen lagunduko diguten aldaketa-prozesuak sortzeko gai diren ekimen kolektiboak daudela ikusarazteko.

Lorpen nagusiak

1- Eskualdeko problematika eta alternatibak identifikatzeko topagune eta eztabaida-gune berriak sortu dira, jatorri sozio-politiko ezberdinetako ehun bat pertsonen parte-hartzearekin.

2- Urdaibain aktibo dauden eta informazioa, ezagutza zein baliabideak sortu dituzten eragile sozial eta prozesu kolektiboen mapatze-lana egin da, egungo eredu kapitalistaren aurrean erresistentzia eta alternatiba eskainiko duten esperientziak babesteko.

3- Urdaibaiko egoerari eta ekimenei buruzko txostena sortu da, webgunean eskualdeari buruzko material ugari bildu dira, eta prestakuntza-ekitaldiak zein eragin politikoa dutenak antolatu dira, gailentzen den ereduaren aurrean alternatibak eskaintzen dituzten toki-ekimen kolektiboen garrantzia azpimarratzeko.

4- Urdaibaiko aktibistek eta UPV/EHUko irakasleek osatutako ikerketa-taldea sortu eta finkatu da; eta taldeak aurreko urteetan prestatutako esparru teorikoa eta proposamen analitikoak abiatu ditu, eskualdean giza garapen jasangarriari mesede egingo dioten topaguneak errazte aldera.

5- Sinergia berriak sortu dira UPV/EHUren, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako patronatuaren, bestelako erakunde publikoen eta eskualdeko kolektibo sozialen artean, etorkizunean plan «desarrollista»-kapitalistaren kontrako eragile ezberdinen eta bizi-alternatiben jarrera komunak esploratze aldera.

Irakaspen nagusiak

1

Ikerkuntza, ekintza eta parte-hartze prozesu honetan egiaztatu ahal izan dugu ekimen ezberdinen artean lotura gabezia nabaria dela; ikuspegi interesgarriak dituzte guztiek, baina zentratuegi daude beren interes espezifikoetan. Busturialdea-Urdaibain komunitate soziala oso inplikatuta dago lurralde eta kulturaren defentsarekin, honako erronka nagusiei aurre egiten saiatzen delarik: estrategia partekatuen gabezia; gainbehera ekonomikoa eta enpleguaren beherakada; erabakiak hartzeko prozesuetan eragile sozialen parte-hartzerik eza; Biosfera Erreserba izateak dakartzan aukerak/oztopoak; azpiegitura handien inguruko desadostasunak -Guggenheim, Sollube eta Autzaganeko errepideak-, eredu turistikoaren edota uraren kudeaketaren inguruko desadostasunak (Bilboko Ur Partzuergoan sartu ala ez); lurzoruaren galera; akuiferoen kutsadura; baso eta baserrien krisia; genero ezberdintasunak eta bidegabekeria sozialak; migratzaileen integrazio falta; zahartze aktiborako politiken eskasia; adierazpen kultural diskriminatzaileak…

2

Egiaztatu ahal izan da eragina izateko gaitasunen inguruko hausnarketa eskasa dela. Urdaibaiko komunitateak behin eta berriro erakutsi du gai dela bizikidetza aktibo eta sortzailerako bidean aurrera egiteko, baina erakunde eta norbanakoen ikuspegi eta ezagutzen arteko lotura eta alderaketa ezak zaildu egiten du kezka eta proposamen komunak eraikitzea. Eztabaida-gune berriak martxan jartzeak ezjakintasuna gainditzen hasteko balio du, baita lidergoa eta gaitasun kolektiboak aktibatzeko alternatiben gainean jardunbide egokiak identifikatzeko ere. Zoritxarrez, alde handia dago eragile sozialen antolamendu- eta eragin-mailen artean. Eskualdeko gazteek kontsumo pasibo eta merkantilizatuaren kontrako alternatiba ugari garatu dituzte; baina tokiko beste erakunde sozial eta ekologista batzuek, ordea, nekea adierazten dute belaunaldi-aldaketa ezagatik. Azkenik, tailerrei dagokienean, atentzioa eman du eskasa dela eredu ekonomiko eta turistikoaren inguruan egindako hausnarketa kolektiboa.

3

Elkarrizketa gabezia nabaria dago administrazioen eta jendarte zibil antolatuaren artean, eta horren isla da Busturialdea-Urdaibai lurraldearen garapen integralerako estrategiarik ez dagoela. Estrategiarik ez egoteak etorkizun ekonomikoaren gaineko kezka areagotzen du eskualdean (jarduera ekonomikoaren gainbehera, langabeziaren eta lan-prekarietatearen okertzea, gazteentzako aukera gabezia…), eta bertakoak gero eta konbentzituago daude eskualdearen etorkizunaren gaineko erabakiak Bilbon kontzentratu direla. Nahiz eta garapenerako azterketa, diagnostiko eta plan ugari egon, oso hutsune handia dago lurralde-ereduaren zein eredu sozial, ekonomiko eta kulturalari dagokionean. Laburbilduz, lurraldeak ez du diagnostiko partekaturik, ez du eskualdeko ekintza-plan bateraturik, ezta eskualdea eta bertako beharrizanak defendatuko dituen lidergo kolektiborik ere.

4

Diagnostiko eta plan partekaturik eza gorabehera, eta lidergo kolektiborik ez egonagatik ere, azpimarratu beharra dago zenbait ekimen sozial potentzial handia eskuratzen ari direla, baita finkatuago dauden beste ekimen batzuk ere, lan kolektiboaren bidez identifikatutako zenbait problematika iraul daitezkeela erakusten baitute. Urdaibain badira pentsatzeko eta jarduteko gaitasuna duten zenbait eragile; baina eragile ezberdinekin ikuspegiak partekatzeko sare eta espazio komunak indartzea falta da, horien bidez sustatuko baita bereziki baztertuta dauden sektoreen parte-hartzea (gazteak, emakumeak, zaharrak, migratzaileak, langabeak…), eta horrela ahalbidetuko baita kolektibo horiek aipatutako arazo eta proposamenekin identifikatzea.

Ekitaldiak

03/12/2021

Online

4ª REUNION RED INTERNACIONAL TERRITORIOS EN CONFLICTO

30/11/2021

ASTRA-Gernika

TALLER: HABITAR EL TERRITORIO II

16/09/2021

Bizkaia Aretoa - Bilbao

SEMINARIO EHUGUNE GERNIKA GOGORATUZ 2021 “PENSAR EL TERRITORIO”

28/07/2021

ASTRA Iluntzeak, Gernika-Lumo

MURAL MARGOKETA KOLEKTIBOA

23/03/2021

A través de la plataforma ZOOM

TALLER “HABITAR EL TERRITORIO”

10/03/2021

Kultur Etxea de Gernika-Lumo / Online

PRESENTACIÓN DEL LIBRO "EL DECLIVE ECONÓMICO DE BUSTURIALDEA-URDAIBAI: DILEMAS Y PROPUESTAS" DE RAMÓN ZALLO

10/11/2020

Online

TALLER FOTO COMARCA URDAIBAI

27/07/2020

Torre Madariaga-Busturia

V CURSO DE VERANO GERNIKA-LUMO: PENSANDO EL TERRITORIO

07/07/2020

Astra

TALLER COMPARTIENDO SABERES EN URDAIBAI

16/01/2019

Astra (Gernika)

II Taller: Explorando visiones compartidas, nuevas alternativas y procesos colectivos.

20/06/2018

Astra (Gernika)

I Taller: Mapear colectivamente Urdaibai