GERNIKA GOGORATUZ BAKEAREN ALDEKO IKERKETA ZENTROAK “URDAIBAI: OREKA BIZIAN” DOKUMENTALA AURKEZTUKO DU GERNIKAKO LIZEO ANTZOKIAN

Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, eta Gernika Gogoratuz fundazioaren eta Gernikatik Mundura GGKEaren laguntzaz, “Gatazka-egoeran dauden lurraldeak” nazioarteko proiektuaren barruan, ikerketa-prozesu bat sustatu da, Busturialdea-Urdaibai eskualdeko gizarte-eragile eta -kolektiboek urte eta erdiz azter dezaten zer gatazka nagusi eragiten dituen egungo garapen-ereduak –hau da, pertsonen ongizatearen gainetik interes pribatuak lehenesten dituen garapen-eredu horrek– arlo hauetan: ingurumena, kultura, ekonomia, gizartea eta politika. Nolanahi ere, eredu horri aurre egiteko badira zenbait alternatiba eta antolaketa-esperientzia, gizarte zibilak sustatuak; hain zuzen ere, alternatiba eta esperientzia horiek aurre egiten diete bizitza erdigunetzat hartzen ez dituzten eskualdeko garapen-planei eta megaproiektuei. “Urdaibai: Oreka bizian” dokumentala (ekoizlea: FMK Media) hausnarketa-prozesu horren emaitza da. Dokumentalak ekimen horietako batzuk erakusten ditu. Besteak beste: autokudeaketaren bidez gazteen parte-hartzea sustatzen duen ekimena (Arkibai, Astra, Lekuek eta Iparragirre); ikastetxeetako jangeletan tokiko eta sasoian sasoiko elikagaiak kontsumitzeko kudeaketa-eredua proposatzen duen ekimena (Jangurie); eta bertako espezieak erabiliz eta natura errespetatuz ekoizpenerako basoen kudeaketan eredu berri bat proposatzen duen ekimena (Kolore Guztietako Basoak). Dokumentala ikusi ondoren, ekimen horiek sustatzen ari diren pertsonek beren esperientzien berri emango dute, bertaratzen direnak solasean aritzeko.