NAZIOARTEKO ONLINE IKASTAROA. GATAZKAN DAUDEN LURRALDEAK. AUKERAK, IKUSPEGI PARTEKATUAK ETA PROZESU KOLEKTIBOAK ERAIKIZ

2019ko urriaren 14tik abenduaren 22ra, Euskal Herriko Unibertsitatearen Campus Birtualaren bidez, nazioarteko online ikastaro honen 1. edizioa burutu da: “GATAZKAN DAUDEN HERRIALDEAK. Aukera berriak, ikuspegi partekatuak eta prozesu kolektiboak eraikiz”. Erakunde akademiko horrek eta Gernika Gogoratuzek elkarlanean antolatua.

“Gatazkan dauden lurraldeak. Bizi-aukera berriak eraiki eta Gaitasunak sendotzeko Ikerketa, Prestakuntza eta Ekintza” izeneko proiektuaren baitan kokatzen da ikastaroa. Proiektu hori Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura erakundeen ekimena da, honako erakundeekin elkarlanean garatua: Tolimako Unibertsitatea (Kolonbia), Coimbrako Unibertsitateko Gizarte Ikasketen Zentroa (Portugal), WLSA Mozambique eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatu du. Helburu nagusia faktore transnazionalek hiru lurralde zehatzetan duten eragina neurtzea da: Cabo Delgadon, (Mozambike); Cajamarca/Toliman, (Kolonbia); eta Urdaibain (Euskadi). Izan ere, lurralde horien determinazio gaitasuna kanpo eragileek baldintzatua dago. Gainera, lurralde horietan aukera propioak definitu eta eraiki ahal izateko gaitasunak sendotu nahi dira.

Ikastaroa mundu osoko gizarteak kudeatzen saiatzen diren gai bati buruzkoa da: tokiko interesen eta indar globalen arteko tentsioak. Tentsio horren ezaugarriak lurralde edo gizarte bakoitzaren araberakoak dira. Orokorrean, tentsio lokal edo globalak kategoria unibertsal eta abstraktuen ikuspegitik aztertu dira, eta ez da kontuan hartu egoeren aniztasuna. Kasu honetan, lurralde bakoitzean talde desberdinek egindako azterketetan oinarritu dira, tentsio lokal edo globalaren errealitatearen konplexutasuna aintzat hartuz. Premisa horiek oinarri hartuta, elementu berritzaile eta sendoak bildu dira pertsonen prestakuntzarako, bakoitzak bere lurraldeko prozesuak ulertu eta aukera berriak eraikitzeko gai izateko.