LURRALDEAK

Cajamarca (Tolima)
Colombia

Laburpena

Kolonbiak gatazka politiko eta armatu handia bizi izan du azken sei hamarkadetan. Ondorioa tragikoa da: 220.000 hildako, 60.000 desagertu eta pertsonen kontrako minek zauritutako 10.000 lagun, besteak beste. Horrezaz gain, petrolioa erauzteko prozesu ekonomikoek (estraktibismoak) eta meatzaritzak egoera sozial konplexuak sorrarazi dituzte, eta horrek areagotu egin du gatazka. Une honetan, 2016ko azaroaren 24an sinatu zuten bake-akordioa inplementatzeko prozesuan daude, hau da, “Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak – Herriaren armada”-ko gerrillak (FARC-EP) eta Gobernu Nazionalak sinatutako bake-akordioa inplementatzen. Gainera, “Nazio Askapenerako Armada”-ko gerrillarekin (ELN) negoziatzen ari dira.

Horrek guztiak arriskuan jarri ditu ingurune naturalak, prozesu sozialak eta garapen jasangarrirako aukera. Kolonbiak, emakidaz emakida, nazioarteko industriei saldu die herrialdearen ehuneko handi bat. Kolonbiako legedia –bai Konstituzioa eta bai hura garatzen duten legeak– atzerriko interesen eta nazioko monopolio handien zerbitzura dago. Hala, Cajamarca udalerrian (Tolima) –ikerlana gauzatzen ari den lekuan–, Anglo Gold Ashanti konpainiak hamarkada bat baino gehiago darama urrea erauzteko beharrezko azpiegitura guztia garatzen (La Colosa meategiko proiektua), munduko laugarren urre-meategi handiena ustiatzeko, eta, gainera, ahalegin guztia egin du tokiko komunitateei erosteko. Baina La Colosa erresistentziako lurraldea ere bada. 2016ko martxoaren 26an, herri-kontsulta bat egin zuten La Colosako eskala handiko meatzaritza-proiektuari buruz, eta botoa eman zutenen % 97k ezezkoa eman zuen. Horren harira, zenbait erakundek, hala nola Biziaren Defentsarako Ingurumen Batzordeak (El Comité Ambiental en Defensa de la Vida), berebiziko garrantzia izan dute Toliman, jendea sentsibilizatzen eta hezten lan handia egin dutelako, halako prozesu ekonomikoek eragin ditzaketen kalteez ohartarazte aldera.

Prozesu ekonomiko horiek “meatzaritzako tren-makina” esaten zaion politika ekonomikoa dute babes. Politika horrek herrialde osoan estraktibismoa areagotzen du: erabateko bermea ematen die multinazionalei nahi duten lehengai guztia erauzteko, oso merke edo ia-ia musu-truk. “La Colosa, iragarritako heriotza” izeneko txostenak agerian utzi du zer-nolako eragina duten mota horretako meatzaritza-proiektuek ekologian, gizartean eta politikan, abian jartzen diren lekuan jartzen direla. Bestalde, lurraldearen defentsan diharduten gizarte-erakundeek egindako erresistentzia-prozesua nabarmendu beharreko adibidea da.

Kasuaren azterketa

Cajamarca-Tolima (Kolonbia) herriaren testuingurua ondo kokatu etaezagutzeko, Miguel Antonio Espinosa Rico irakaslearen artikulua partekatzeaerabaki da. Irakasle hori Cajamarca-Tolimako ikerketa-taldeko kidea eta “Yuma íma” lurraldeari buruzko Ikerketen diziplina arteko Taldekokoordinatzailea ere bada, Tolimako Unibertsitatean:CAJAMARCA:Resistencias sociales frente al poder trasnacional.

Jarduerak

1. Fasea

(1) Ikerketa eta azterketa  – Tolimako Unibertsitateko taldearen ekintzak Cajarmarcako eta inguruko nekazaritza eta ingurumen arloko mugimenduarekiko harremana sendotzean zentratu ziren. Era berean, eztabaida-gunea sortu zuen erresistentzia soziala bideratu eta AngloGold Ahsanti enpresak aire zabalean urre-meatzea ireki zezan saihestea lortu zuten kolektiboekin. Erresistentzia horretan gako izan ziren elementu kolektiboak aztertzeaz gain, bestelako kezka eta erronkak ere identifikatu dira Tolima Departamentuko inguru horretan.

(2) Landa-lana – Hiru mapatze-lan egin ziren genero-ikuspegian oinarritutako kartografia sozialaren metodologia  aplikatuz (zenbait tailer espezifiko emakumeekin), eta hamar elkarrizketa antolatu ziren prozesu komunitarioak zuzentzen dituzten pertsonekin (5 emakumerekin eta 5 gizonekin). Landa-lanean oinarritutako ekintza horien helburuak hauexek ziren: a) Ikertzaile-taldeak Cajamarcako bizi-aukera, dinamika eta prozesu sozialen gainean duen ezagutza handitzea, eta enpresa zein gobernuek urrea erauzteko dituzten planen kontrako borrokaren aurretiko ezagutza zabaltzea; b) Lurraldean ikerketaren ardatzekin lotutako beste problematika batzuk identifikatzea (ingurumen-jasangarritasuna, lurra erabiltzeko aukera, genero ezberdintasunak, eta kultura-identitatea); c) Nekazarien, ingurumenaren aldeko ekintzaileen, hiri-kolektiboen eta Tolimako Unibertsitatearen arteko harremanak indartzea eta topagune eta eztabaida-guneak sendotzea; d) Lurralde-eremu konplexu bateko emakumeen ahalduntze-prozesuei arreta berezia eskaintzea, jardunbide egokiak ateratzeko; e) Ikerketaren emaitzak Kolonbiako beste leku batzuetan aprobetxatzea, beste leku horietan gertatzen ari diren erauzte-planen aurrean erresistentzia indartzeko.

(3) Emaitzak zabaltzea  – Etorkizun hurbilean ikerketaren emaitzak zabaltzeko zenbait ekintza gauzatzea aurreikusi da, hala Tolimako Departamentuan nola Caquetán, non datozen urteetan antzeko ekimen bat burutzea aurreikusita dagoen. Aipatutako elkarrizketa eta tailerrez gain, bestelako prestakuntza-jarduerak eta hitzaldiak ere eskaini ziren Departamentu bietan; eta horietan, ikuspegi kritikoak, metodologiak eta Cajamarcako azterketaren lehendabiziko aurrerapenak partekatu ziren.
Nabarmentzekoa da Tolimako Unibertsitateak Tolimako ingurumen-batzordearekin, SOS elkartearekin eta beste erakunde batzuekin izandako lankidetza estua, bereziki erakundeen arteko harreman sozial eta akademikoak indartzen ari den «Yuma-íma» diziplina arteko taldearekin izandakoa. Lankidetza horiek komunitateen bide-laguntza berriak eta ikasleentzako landa-bisitak ahalbidetzeaz gain, unibertsitatean ikerkuntza- eta prestakuntza-guneak sortzeko aukera errazten ari dira. Azpimarratzekoa da aipatutako erakundeek Gonzalo Palomino Ortiz katedrako diplomatu ezberdinetan duten presentzia gero eta handiagoa dela, baita Hezkuntza Zientzien Fakultatearekiko beste lankidetza-esparru batzuetan ere.

(4) Prestakuntza – Tolimako Unibertsitateko ingurumen diplomatuetan eragile sozial eta akademikoen artean ematen ari den lankidetzaz gain, oso garrantzitsua da adieraztea gatazka egoeran dauden lurraldeei buruzko proiektu honen online nazioarteko ikastaroak oso harrera ona izan duela Ibagué (Tolima) eta Florencia (Caquetá) udalerrietan. Hori dela eta, datozen urteetan antzeko beste prestakuntza batzuk antolatzeko itxaropena dute, hala aurrez aurreko formatuan nola formatu birtualean.

(5) Eragin politikoa  – Proiektu honetan aztertutako beste lurraldeetan bezala, ikus-entzunezko dokumentu bat sortu da oraingoan ere; bertan, protagonisten testigantzen bitartez, nekazari eta ekologistek borroka honetan izandako lorpenak jasotzen dira, estatu-agintaritzek eta multinazional estra-aktibistek proposatutako meatze- eta energia-lokomotoraren planen testuinguruan. Dokumentalaren zein haren emanaldiaren inguruan antolatutako jardueren bidez, kontzientziazio kanpainetan beren harri koskorra jarri nahi dute, nekazarien eta ekologisten mugimenduak tokiko mailan, nazio mailan zein nazioartean lortutako eragin politikoaren balioa azpimarratuz. Euskadin abiatu diren ekintzetan ere erabiltzen ari dira aipatutako publikazioak eta dokumentala, botere transnazionalak Kolonbian eragiten dituen indarkeria-egoerak ezagutarazteko, eta kolektibo antolatuak garapen-plan horien alternatibak proposatzeko gai direla erakusteko.

Lorpen nagusiak

1- Cajamarcako La Colosa megaproiektuaren eta ingurumen zein gizarte arloetako gatazka nagusien aurrean erresistentzia komunitarioa identifikatzea eta sistematizatzea, ikuspegi analitiko kritikoak aplikatuz (gaitasun kolektiboak, hegoaldeko epistemologiak, ikuspegi feminista…).

2- Nekazarien kontzientzia indartzea, mega-meatzaritzarekin lotutako ekitaldi, tailer, mintegi, topaketa, diplomatu eta mahai-inguruak antolatuz.

3- Oinarrizko gizarte-erakundeek garapenaren alternatiba gisa abiatutako ekimen ekonomikoak ezagutu eta aitortzea, eta Cajamarcako komunitatean promesa faltsuz konbentzitzeko kapital transnazionala erabili duten «Enpresen gizarte-erantzukizuna» eta «Meatzaritza arduratsua» direlakoen rol askatzailea kolokan jartzea.

4- Ideologia eta jatorri sozial ezberdinetako pertsonak elkartzen dituen tokiko zein eskualdeko ingurumen-mugimenduaren adierazpen organikoak sortzea eta sendotzea; eta «marcha carnaval» delakoaren zein herri-kontsulten balioa azpimarratzea.

5- Santosen gobernuak «meatzaritza eta energia arloko makina» lelopean egindako proposamen neo-estra-aktibista nazionalen eta Ivan Duqueren gobernuaren «ekonomia laranja» delakoaren arriskuen gainean ohartaraztea, baita kontsulten izaera loteslea ezabatzeko asmoa duen estrategia inkonstituzionalaren gainean ohartaraztea ere.

Irakaspen nagusiak

1

Cajamarcan, La Colosa meatze-proiektuaren aurrean hamarkada luzez egindako erresistentziari esker, lurraldea astintzen duten mehatxuen gainean ohartu ahal izan dira nekazari-komunitatea eta ingurumenaren aldeko mugimendua. Besteak beste, hauek dira mehatxu nagusiak: basoen etengabeko mozketa; nekazaritza eta abeltzaintzako mugaren aurreratzea; lurretan eta baliabide hidrikoetan urrea ustiatzearen ondorioak; labore komertzialetarako nekazaritzan gero eta toxiko gehiago erabiltzearen arriskuak; errepide berriak eraikitzearen ondorioak…

2

Nahiz eta Cajamarcako komunitateak gai izan diren lider eta agintarien kooptazioari, babesari, AngloGold Ashanti enpresak agindutako meatze-oparoaldiaren itxaropenei aurre egiteko; nahiz eta gai izan diren hilketen, desagerrarazte behartuen, sexu-erasoen eta giza eskubideen bestelako urraketen aurrean eusteko, Cajamarcako komunitateak eta Tolimako Ingurumen Batzordeak oso kontziente dira beren arrakastaren behin-behinekotasunaz.

Gobernuak eta multinazionalak urre-proiektua martxan jartzeko zuten asmoa geldiarazteak ez du esan nahi elite ekonomiko eta politikoek lurralde-garapenerako planei uko egin dietenik. Ebazpen eta txostenek urre-ustiategiaren jarduera bertan behera uzteko xedatzen badute ere, eta Piedras eta Cajamarca udalerrietan herri-kontsultek arrakasta izan badute ere, gero eta amarru gehiago egiten dute botere betearazleak, legegileak eta judizialak Estatuko agintaritza zentralak lizentzia-emakida kontrola dezan. Ondorioz, funtsezkoa da erne egotea, komunitateetan tokiko eragileen ekintza bateratuari eustea, eta borroka Ibagué osora, Departamentura zein Kolonbiako beste gune batzuetara zabaltzen jarraitzea.

3

Historian zehar ikusi ahal izan denez, ekintza biolentoen bidez kontrolatu izan da lurra, hala garai kolonialean, nola errepublika-garaian. Arbasoen herriei lurrak kentzeko joerak bere horretan jarraitzen du egun; horrekin batera, latifundista zein lur-jabeek indarkeria zuzena erabiltzen dute, eta nekazaritzako erreformek zein lurrak nekazarien artean banatzeko proiektuak porrot egin dute. Gobernuaren eta FARCen arteko Bake Itunean jorratzen zen azken puntu hori, baina epe laburrera ez da inolako aurrerapenik aurreikusten.

4

Generoaren araberako ezberdintasun garrantzitsuak antzeman dira Cajamarcan, honako alderdietan batez ere: emakumeek jabetzak eskuratzeko aukera; janzkerarengatiko diskriminazioa; rol-banaketa bidegabea; tratu txar psikologikoak eta sexu-erasoak; soldata-arrakala eta enplegura iristeko zailtasunak; amatasun behartuak eta haurren haurdunaldiak; sexualitatearen gaineko desinformazioa; landa-lanetan diskriminazioa; lidergora iristeko oztopoak… Hala eta guztiz ere, oso balorazio positiboa izan du meatzaritzako megaproiektuaren kontra borrokatu diren emakume taldeen ahalduntzeak.

Ekitaldiak

03/12/2021

Online

GATAZKA EGOERAN DAUDEN LURRALDEEN NAZIOARTEKO SAREAREN 4. BILERA

27/09/2021

Online

CLAUSURA: DIPLOMADO EN PENSAMIENTO AMBIENTAL

28/08/2021

Salón Parroquial San Miguel Arcángel – Cajamarca

ELIKAGAIEN SUBIRANOTASUNA – KLIMA-ALDAKETA GLOBALA ETA AGUAKATEKO MONOLABORANTZA

30/07/2021

Facebook Live - Universidad del Tolima / Proyección Social

GIZARTE-ERRESISTENTZIEN ETA KAPITALAREN ALTERNATIBEN LEHEN TOPAKETA NAZIONALA

17/04/2021

Escuela Piloto de la Institución Educativa Ismael Perdomo, calle 9ª. No. 8-11 de Cajamarca

CAJAMARCAKO UDAL LURRALDE ANTOLAMENDUAREN ESKEMA BERRIKUSI ETA DOITZEA

06/03/2021

Comedor comunitario/Salón comunal Ciudadela Rincón Placer

CAJAMARCA-TOLIMAKO EMAKUMEEN 2. TAILERRA

06/02/2021

Maestría en Territorio, Conflicto y Cultura-Tolimako Unibertsitatea

NAZIOARTEKO MINTEGIA "GATAZKA EGOERAN DAUDEN LURRALDEAK KRISI ZIBILIZATORIOAREN GARAIAN"

06/02/2021

Olga Zonako etxebizitza, ICBFko (Haurren Ongizateko Kolonbiako Institutua) haur zentro zaharra

EMAKUMEENTZAKO CAJAMARCA-TOLIMAKO 1. TAILERRA

12/12/2020

Ismael Perdomo Hezkuntza Erakundea. Egoitza nagusia. Cajamarca, Tolima, Kolonbia

MINTEGIA: LURRALDE-ANTOLAMENDUAREN ESKEMA. CAJAMARCAKO UDALERRIA

23/09/2020

Sede ECOTIERRA

Cajarmako parte-hartze prozesuko I. tailerra

21/12/2019

Cajamarcako parke nagusia - Tolima

“Meatzaritzarik gabe, bizitzak badu etorkizuna” dokumentalaren aurkezpena Cajamarcan (Tolima)

04/12/2019

Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziaren (AECID) egoitza, Madrilen

“Gatazka-egoeran dauden lurraldeak” proiektuaren baitako dokumentalen proiekzioak, AECIDen egoitzan (Madril)

10/11/2018

Coovision-eko Aretoa (Cajamarca-Tolima)

Itzultze Tailerra – 1. eta 2. mapaketa tailerretako emaitzak

06/10/2018

Cootracaime kooperatibaren aretoa (Cajamarca-Tolima)

Mapaketa-tailerra – Gizarte- eta ingurumen-alorreko gatazkak (emakumeentzat).

02/09/2018

Coovisión aretoa (Cajamarca-Tolima)

Mapaketa-tailerra – Gizarte- eta ingurumen-alorreko gatazkak (gizarte-erakundeentzat).